Ikerketa proiektua

Aurreko post batean esaten genuen bezala, aurten ikerketa proiektu bat jarriko dugu martxan Ikaskide Taldeen proiektuaren baitan.

Ikerketa proiektu honek bi helburu nagusi ditu:

  • Ikaskide Taldeekiko ikasleen jarrerak identifikatzea eta emaitza akademikoekiko izan dezaketen erlazioa aztertzea
  • Irakasleriaren esku-hartze motak aztertzea hiru eremutan: 1) ikaskidetzarekiko motibazioa; 2) prozesuaren antolaketa; eta 3) taldeari emandako laguntza eta esku-hartzearen eragina identifikatzea.

Dena den, ikerketa proiektuaren berri sakonago izan nahi baduzu, egin ezazu klik beheko estekan eta bertan aurkituko dituzu, labur-labur proiektu horren nondik norakoak

IKASKIDE TALDEAK ikerketa

III. Mintegia – Esku hartzea

2011ko maiatzaren 26an egin da Ikaskide Proiektuan ari diren kideen arteko III. Mintegia, ikasturte honetako azkena izango dena.

Mintegi hau irakaslearen esku-hartzea izan du gai nagusia.

Aurreko bi mintegiak, partaidetzari dagokionez, oso arrakastatsuak izan baziren ere, hirugarren hau, daten desegokitasuna medio, jendez urriagoa izan da (11 lagun bildu ginen); ez, ordea, edukien eta ateratako ondorioen aberastasunaren aldetik.

Lan kooperatiboaren bidez aurrera eraman dren dinamika desberdinak erabiliz, esku-hartzearen gaineko gogoeta zabala egiteko parada izan dugu.

Erabilitako prozedura ezagutu nahi baduzu, egin ezazu klik beheko estekan.

Esku-hartzea Prozedura

Bigarren formazio-saioa

Apirilaren 15ean burutu zen datorren ikasturtean Ikaskide Proiektuan partaide izango diren kide berrien bigarren formazio saioa.

9 ikastetxeetako 38 lagunek hartu zuten parte saio honetan.

Saioan honako hauek landu ziren:

  • Aurreko saioan bezala, elkarrekiko ezagutza eta talde kohesioa sortzeko jolas kooperatiboekin eman zitzaion hasiera saioari.
  • Ondoren, eta aurreko saioan mahai-gaineratutako elkarlanaren printzipioak eta ikastetxe bakoitzak egindako AMIA oinarri, lan kooperatiboaren printzipioetan sakontze-lana egin zen, bakarka eta taldeka aurrera eraman ziren dinamiken bidez eta elkarmenpekotasun positiboaren printzipioaren garrantzia azpimarratzeko jolasen bidez.
  • Prebentzio lana ere egin zen: ikaskide taldetan lan egiteak ez dakar, berez, formula magikorik (gogoa, lana, denbora, praktika eta horren gaineko hausnarketa ezinbestekoak dira helburuak aurrera eramateko).
  • Atsedenaren ondoren, lan kooperatiboan sor daitezkeen arazoak identifikatu ziren, talde txikitan aurrera eramandako kasu baten azterketaren bidez. Dinamika honen ondorioak honako hauek izan ziren: arazoak eta horiek balizko zergatiak identifikatu; irtenbide posibleak mahai gainean jarri; taldeko kideen rolak eta funtzioak identifikatu; eta irakaslearen rola eta funtzioak zehaztu.

Formazio saioak

Formazio saioak 2011ko apirila eta maiatzean egingo dira, MUko HUHEZI fakultatean, 2011/12 ikasturtean Ikaskide Proiektuan parte hartuko duten ikastetxe berrietako kideekin.

Honako hauek dira saioetako datak:

  • Apirilaren 8a
  • Apirilaren 15a
  • Maiatzaren 6a

Saioetako ordutegia: 9:00 – 14:00

Saio hauek metodologia kooperatiboak erabiliz eramango dira aurrera.

Helburuak:

Ikerketa-jarduera ibilbideari jarraiki,  praktikatik abiatu eta teoriara iristea, hurrengo urratsak emanez:

  • Norbere praktikaren hausnarketatik abiatuz, ikaskide taldeen beharraren zergatiak azalarazi.
  • Dinamika anitzen bidez, elkarrekiko konfidantza bilatu eta formazio-saioetako partaideak talde moduan funtzionatzea lortu.
  • Kasuen azterketaren bidez arazoak identifikatu eta irtenbide posibleak bilatu.
  • Praktikaren hausnarketaren bidez ikasketa kooperatiboaren printzipioak eta helburuak mahai gaineratu.
  • Egindako dinamiketan hausnartuz, ikaskide taldeetako kide guztien eta bakoitzaren rolak identifikatu eta horien funtzioak zehaztu.
  • Egindako dinamiketan hausnartuz, irakaslearen funtzioak identifikatu.
  • Ikastetxeetan praktikan jarriko diren sekuentzia didaktikoen diseinuan barneratzen hasi.