IKASTURTE BERRIAN SARETZEN JARRAITZEN DUGU

Ikasturte berriarekin batera IKASKIDE proiektuak bere sarea handiago egin du, ikastetxe berriak batu zaizkigu gure proiektura, hain zuzen ere Durangoko IBAIZABAL IKASTOLA eta Azpeitiko IKASBERRI IKASTOLA.

Imagen

Ikastola berri hauen etorrerarekin eman diogu hasiera erronkaz betetako ikasturteari. Dagoeneko gurekin elkarlanean dauden ikastetxe ugari modu autonomoan dabiltza ikaskuntza kooperatiboa oinarrian duten proiektuak burutzen, beste batzuk hedapen fasean daude eta heldu berri zaizkigun hauek hasi berriak dira. Denok ere, sarea osatzen dugunez esperientzien elkartrukatzerako eta elkarrekin ikasteko mintegietan biltzen gara. Ikasturte honi hasiera ilusioz eman diogu hainbat erronka eskuartean ditugula: aniztasunari erantzuna talde kooperatiboetan, ebaluazioa, ikas-komunitatea …

Guztion artean joango gara erronka hauei erantzuteko bidea eraikitzen, izan ere, aurtengoan gure aholkularitza saioak eurak indartzea eta aldi berean etengabean ikasten ari den ikastetxearen eredua indartu nahiko genituzke; eta noski, prozesu hori egunekotasunean agertzen zaizkigun kezka eta beharrei erantzuteko eran planteatuko dugu; denok ere amaraun berdinean gaudelako eta kiko, elkarrengandik eta batez ere elkarrekin ikasteak sarea gero eta erresistenteago eginen duelako amesten dugun ikaskuntza ereduaren amaigabeko ibilbidean aurrera egiteko.

Hirugarren formazio-saioa

Maiatzaren 6an egin zen datorren ikasturtean Ikaskide Proiektuan parte hartuko duten kide berrien hirugarren formazio-saioa.

Oraingoan, datak egokienak ez zierla eta, 9 ikastetxetako 28 kide bildu ginen.

Saioan honako hauek landu ziren:

  • Ikaskide taldeetan egitearen helburuen gaineko hausnarketa. Hausnarketa hau bideratzeko taldekako dinamikak jarri ziren martxan.
  • Ondoren, denon artean talde txikietan egindako lana partitu zen eta argi geratu zen zeharkako konpetenzien lanketarako tresna ezin hobea dela ikaskide taldetan lan egitea. Horretaz gain, denontzako eskolaren bidean ere urrats garrantzitsuak emateko tresna gisa kokatu zen ikaskide taldeen metodologia.
  • Ondoren, konpetentzien gaineko hausnarketa bideratu zen: zeharkako konpetentzia guztiak eta konpetentzia espezifiko guztiak elkarrekin landu al daitezke? Lehentasunak markatu behar direla argi geratu zen eta zeharkako konpetentzia -eta azpikonpetentzia- bakar batean indarra jarri, gainontzeko konpetentziak ere horrekin batera landuko direla jakitun, baina denak ezin ditugula ebaluatu, beraz, lehentasunezkotzat hartzen dugun hori soilik ebaluatuko genuke.
  • Atsedenaren ondoren, bukatzeko, taldeka bilduta, ikaskide taldeen bidez lantzeko gai bat aukeratu zen talde txikitan eta lanketa horren diseinuari ekin zitzaion talde txikitan (talde bakoitzak gai desberdin bat aukeratu zuen). Beraz, martxan jartzeko sekuentzia didaktikoaren lehen zirriborroa osatu zuten saioko partaideek, taldean lan eginez.

Formazio saioak

Formazio saioak 2011ko apirila eta maiatzean egingo dira, MUko HUHEZI fakultatean, 2011/12 ikasturtean Ikaskide Proiektuan parte hartuko duten ikastetxe berrietako kideekin.

Honako hauek dira saioetako datak:

  • Apirilaren 8a
  • Apirilaren 15a
  • Maiatzaren 6a

Saioetako ordutegia: 9:00 – 14:00

Saio hauek metodologia kooperatiboak erabiliz eramango dira aurrera.

Helburuak:

Ikerketa-jarduera ibilbideari jarraiki,  praktikatik abiatu eta teoriara iristea, hurrengo urratsak emanez:

  • Norbere praktikaren hausnarketatik abiatuz, ikaskide taldeen beharraren zergatiak azalarazi.
  • Dinamika anitzen bidez, elkarrekiko konfidantza bilatu eta formazio-saioetako partaideak talde moduan funtzionatzea lortu.
  • Kasuen azterketaren bidez arazoak identifikatu eta irtenbide posibleak bilatu.
  • Praktikaren hausnarketaren bidez ikasketa kooperatiboaren printzipioak eta helburuak mahai gaineratu.
  • Egindako dinamiketan hausnartuz, ikaskide taldeetako kide guztien eta bakoitzaren rolak identifikatu eta horien funtzioak zehaztu.
  • Egindako dinamiketan hausnartuz, irakaslearen funtzioak identifikatu.
  • Ikastetxeetan praktikan jarriko diren sekuentzia didaktikoen diseinuan barneratzen hasi.