Ikaskuntza Kooperatiboan erreferente

 Gurekin Ikaskide proiektuan parte hartzen duen BIHOTZ GAZTEA ikastetxeak urrian “Más educación, más cooperación, mejor futuro”  lelopean  Galizian UECOEk (Unión Española de Cooperativas de Enseñanza) antolatutako kongresuan parte hartu zuen Ikaskidetza esperintziak Espainiako beste ikastetxeekin konpartitzeko.

Esperientzia honen berri ematen digute euren ikastolako web orrian:

 http://www.bihotzgazteaikastola.net/index.php/archives/9676Imagen

 

Anuncios

IKASKIDETZA eta KONPETENTZIAK (3.formazio saioa: dinamizaileekin 1.mintegia)

Gure formazio saioak eremu  edo maila guztietara heltzea nahi dugula aldarrikatu dugu orain artean sarearen metaforarekin. Gure helburua Ikastetxeetako irakasleak euren kabuz, autonomiaz Ikaskidetza proiektua aurrera eramatea da. Horretarako  euren(irakasleen) arteko kooperazioa sustatzea ezinbestekoa da; baina formazio saioetara datozen irakasletara ez ezik, ikastetxe bakoitzeko beste irakasleetara edo irakasle taldeetara ere iritsi nahi dugu. Hala ba, ikastetxeetako irakasle gehitsuenak inplikatzea lortzea nahi genuke batetik, eta bestetik, lortutako parte hartze hori aktiboa, kooperatiboa eta autonomoa izatea,  halaxe sortuko direlako ikasleekin abian jarriko diren Ikaskidetza proiektu aberatsenak . Hala ba, helburu horiek beteko dituzten formazio ereduak jarri ditugu abian. Ikastetxeetan barne funtzionamendua eragitea lortuko duten formazio ereduak. Horretarako, ikastetxe guztietako irakasleekin izango ditugun oinarrizko formazio saioez gain ikastetxe bakoitzeko DINAMIZATZAILEEKIN antolatu ditugu mintegiak. Hauek euren  ikastetxeetan Ikaskide proiektuak dinamizatuko dituzte, horrela pixkanaka ikastetxeak proiektu kooperatibo hauek autonomoki abian jartzeko gaitu arte.

 

Dinamizatzaileekin izandako lehengo saio honetan euren funtzioa zein izango den ondo argitu ostean, Ikaskide proiektuaren ezinbestekoa den gaiari heldu diogu: KONPETENTZIAK. Konpetentziak Ikaskide proiektuaren ardatz garrantzitsutzat ditugunez  Dinamizatzaileen lana izango da ostean, euren ikastetxeetan konpetentzien funtsa ulertarazi, eztabaidatu,hausnartu eta planifikatzea eragitea euren proiektuetan. 

 

Konpetentzien  gaiarekiko ikasi dugu mintegi honetan sei direla konpetentzia orokorrak(dekretuko III. eranskinean jasoak):

HEZKUNTZA GAITASUN OROKORRAK:

1.- Arduraz eta autonomiaz bizitzen ikastea, eta, zehazki, nork bere burua ezagutzen ikastea, norberaren buru-osasuna eta osasun fisikoa zaintzen ikastea eta ohitura osasuntsuak hartzea. Izadiaz eta natura-baliabideez arduraz gozatzen ikastea, gizadi osoaren eta egungo nahiz geroko belaunaldien ondarea diren aldetik.

2.- Ikasten eta pentsatzen ikastea, eta informazioa interpretatzea, sortzea eta ebaluatzea. Erabakiak hartzen eta arazoak konpontzen ikastea, ikasteko eta lan egiteko ohiturak eta ikasteko estrategiak eskuratzea, eta jakintza zientifikoko eta matematikoko metodoak aplikatzen ikastea, jakintza teorikoaren eta praktikoaren alorrek planteatzen dituzten arazoak identifikatzeko eta konpontzeko.

3.- Hizkuntza ofizialetan, eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean hitz egiten ikastea, eta, berariaz, komunikabideak eta informazioko eta komunikazioko teknologiak irizpide kritikoz erabiltzen eta interpretatzen ikastea. Irizpide hori bera jarraitu behar dute ikasleek hizkuntza artistikoarekin, musika-adierazpenarekin eta gorputzaren, plastikaren eta ikusizko alorraren adierazpenekin.

4.- Elkarrekin bizitzen ikastea, eta, berariaz, harreman positiboak izaten eta, gatazka-egoeretan, elkarrizketara eta negoziaziora jotzen ikastea. Halaber, gogoz eta demokratikoki parte hartzen ikastea, lankidetzan jarduten eta taldean lan egiten ikastea, eta aniztasuna errespetatzen ikastea.

5.- Pertsona gisa garatzen ikastea, norbera izanda, eta emozio negatiboak kontrolatzea eta nork bere burua modu positiboan eta errealistan balioestea. Pertsona autonomoa izatea, norberak hartutako erabakien ardura hartzea, eta printzipio etikoei jarraitzea.

6.- Egiten eta ekiten ikastea, erabakiak eta ardurak hartzeko ekimena izatea, esfortzua eta zailtasunak gainditzeko ahalegina balioestea, eta ekintzailea izatea, bizitzaren alor guztietan.

 

Horiek izango dira  IKASKIDE proiektuak zedarrituko dituzten konpetentziak. Alegia, gure Ikaskide proiektuak konpetentzia horien lanketarako gune izan behar dira(ez derrigorrez guztiak batera, noski) gaitasun horitan hezi nahi ditugulako gure ikasleak etorkizuneko hiritar eredugarri izatea nahi badugu(horiexek dira hezkuntzako oinarrizko konpetentziak). Eta aldi berean gure proiektuei forma emateko  pista ere izango dira konpetentzia hauek. Azken batean gure Ikaskide proiektuak  aurrera eramateko diseinatuko ditugun sekuentzietan hauexek har ditzakegulako ardatz muina diseinatzerako orduan.

 

Konturatzen bazarete, konpetentzia orokor hauetan IKASKIDETZAren ardatz diren bi konpetentzia ere ageri zaizkigu: Ikasten ikastea(zerrendatutako 2.konptentzia) eta Elkarrekin ikastea(zerrendatutako 4.konpetentzia). Horiek biak ba beste konpetentzia guztiak barnebilduko dituzten konpetentziatzat hartzen ditugu Ikaskidetza proiektuan. Ikusten duzuenez ez dago ba Ikaskidetza proiektua konpetentzia gabe ulertzerik eta ezta alderantziz ere!Irudia

 

IKASKIDETZAREN PRINTZIPIOAK (2. formazio saioa:oinarrizko formazioa)

Irudia

Ikaskide taldearen helburua  hezkuntza kooperatiboan  heztea dela  dio blog honen izenburuak berak. Hala ba, norabide guztietan gauzatu nahi dugu egiteko hori; alegia, eta sarearen metafora behartuaz helburu dugu Ikaskidetza lan eredu bilakatzea, bai geure artean, bai gurekin proiektu honetan parte hartzen diharduten ikastetxe ezberdinen artean, bai ikastetxe horietako bakoitzeko lan taldearen bertan eta nola ez, batez ere irakasle horien ikasle taldeetan. Horregatik diogu ba, sare gisa antolatzen garela, interakzioz beteriko amarauna eraiki  gura dugulako. Eta noski, horretarako geure formazioa formatu  eta maila ezberdinetan eskaintzen dugu, eremu guztietara iritsi nahi dugulako(gure aholkulari eta ikastetxeen arteko interakziotik, ikastetxe ezberdinen arteko interakziora, hortik ikastetxe bakoitzeko irakasleen arteko interakziora eta bukatzeko ikasleen arteko interakziora). Spiderman edo armiarma gizona bezain besteko poderiorik ez dugu izanen beharbada, baina behintzat ikastetxeei luzatu diegu lehengo sare soka.

 Baina sare hori sare izatea bezain besteko garrantzitsua da Sare Tinkoa izatea. Hots, beste sarekada bat eman orduko lehenengo saretze hori sendotzea behar genuen. Horretarako,  2.formazio saio hau  IKASKIDE taldeko partaide guztiei zabalduta egon da, oinarrizko formazioa eskaintzeko asmoz. Ikaskidetzarren printzipioak  eta ardatzak ulertzea izan du helburu, oinarria finkatzea ba. Horretarako ikastetxe guztietako kide bakoitzak kooperatiboki lan egiteak suposatzen duenaren gainean hausnartu du ariketa dinamiko batekin. Ariketa horren bidez, irakasleak eurak taldean jarri ditugu eta soinua zer den definitzea izan dute egiteko eskaini dizkiegun hainbat material eta baliabiderekin. Alegia, eurak ikasleak jartzen dituzten tesitura berdintsuan jarri ditugu. Esperimentu honen bidez lan kooperatiboaren ezaugarriak identifikatzeko gai izan dira. Ariketa honetatik ondorioztatu dugu IKASKIDETZA taldean eta kooperazioan ematen den ikaskuntza dela.Hala ba Ikasten ikastea konpetentzia eta Elkarrekin ikastea konpetentzia barnebiltzen ditu Ikaskidetzak. Eta bere ardatzak nagusiak honakoak dira: helburu komuna izatea taldeak, elkarmenpekotasun positiboa, bakarkako erantzukizuna eta aurrez aurreko komunikazioa.  Horiexek ba, nolabait esateko, IKASKDETZAren oinarrizko  printzipio eta ardatzak.

Bete dugu 2.formazio saio honetarako geneukan helburua! Orain prest gaude beste sare soka bat luzatu eta gure formazioa maila ezberdinetara zabaltzeko, sarea(dagoeneko tinkoa) handiagotzeko, amaraunaren beste ilara bat egiteko.

SARETU GAITEZEN! (1.formazio saioa)

SaretzenHasi dugu ikasturte berria eta horrekin batera Ikaskide Taldean aro berriari  ekin diogu. Ikaskide taldearen helburu orokorrena bera, edozein ikastetxeren funtsa beharko lukeena izan, gizarte  hobe baten alde egitea da. Eta  horretarako bidea, nola ez, kooperazioa bera dela sinesten dugu. Hots, kooperazioaren ideia SARE bat bailitzan irudikatzen dugu, kooperatzeak ez baitu esan nahi batzea soilik, baizik eta batu eta batura horretan elkar eragitea, elkarrekin haztea eta gero eta sare handiago egitea benetan gizarte aldaketa hori posible bilakatu dadin. Hots, Ikaskide taldearen asmoa horixe izanik, lehendik gurekin jardun duten ikastetxeetako  kideek ez ezik ikastetxe berrietako kideek geurekin ibilbidea egitea nahi genuke, pixkanaka Ikaskide proiektua osatzen dugun artean sarea gero eta handiago, eta beraz, eraginkorrago egin asmoz.

Hala ba,  Ikastetxe berrietako kide berrientzako eta lehendik ezagunak zaizkigun ikastetxeetako kide berrirentzako kurtso hasierarekin batera lehengo formazio saioa eskaini dugu Ikaskide Taldea osatzen dugun aholkulariok. Bertan batez ere sarearen ideia hori landu dugu, hasiera honetan  ikastetxeetako kideak euren artean ezagutu eta proiektuko partaide guztiak sarearen parte sentitzea izan dugu helburu, euren eta proiektuko kide guztien eskuetan aldaketarako aukera senti dezaten ulertzea nahi izan dugu, kolaborazio sentsazioa bizi dezaten, eta nola ez, hortik euren helburu eta ilusioetarako proiektu komunak eraikitzeko  bidea ikus dezaten.

Komeni zaigu zehaztea atal honetan, gurekin kolaborazioan diharduten ikastetxeak aurten hiru fasetan kokatzen direla: Talde Berriak daude, Hedapen Fasean dauden taldeak daude eta Jarraipen Fasean dauden taldeak daude. Hiru talde horiei formazioa pertsonalizatuagoa eman asmoz,  aurton eskainiko zaien laguntza  mota ezberdinetakoa izango da:

1-      Oinarrizko formazioa eskainiko zaie Ikaskide proiektuko parte diren ikastetxe guztiei.

2-      Ikastetxe bakoitzak dituen beharrei erantzuteko asmoz  ikastetxeetan bertan eskainiko da zuzeneko aholkularitza.

3-      Bi mintegi mota egingo dira:

–           Bata Dinamizatzaileentzat. Izan ere, aurten, ikastetxearen autonomia bera ere sustatzeko asmoz, ikastetxe bakoitzak ikastetxeko kide den dinamizatzaile baten figura izendatuko du eta bere arduratu  izango da prozesu guztian zehar ikastetxeko partaideak bideratzea proiektuak ahalik eta arrakastatsuenak suertatzeko. Horrela ba, Dinamizatzaileek beraientzako mintegi espezifikoak izango dituzte laguntza gisa gero ikastetxean bertan proiektuan nola dinamizatu  ikas dezaten aholkulariekin.

–          Bestea, Proiektuan parte hartuko duten irakasleentzat.

4-      Jardunaldiak: Ikastetxeetako Ikaskidetza esperientziak kanpora begira zabaltzeko.

5-      Bloga: Prozesuaren jarraipena egin eta esperientziak elkartrukatzeko tresna.

 Hau izango da ba hemendik aurrera gure antolatzeko era eta hauxe lehengo formazio saio honetan Ikaskide Proiektuan parte hartuko duten irakasle berriei azaldu zaiena besteak beste. Behin irakasle talde berriari ongi etorria emanda, Ikaskide Proiektuaren aurkezpena eginda eta sarearen ideia azpimarratuta,  Ikaskide Proiektuaren funtsa bera ulertzeko bideari ekin  diogu izaera ludikoa  duten dinamika ezberdinen bidez: “Elkarlana” zer den definitzen saiatu gara  hastekoeta hortik Ikaskide Proiektuaren beraren ardatzak identifikatzera heldu gara. Alegia, “Elkarrekin ikasteak” edota “Ikaskide taldeek” zer suposatzen duten hausnartu  dugu. Horrela ikaskuntza kooperatiboa sustatu nahi dugun talde gisa hemendik aurrerako gure xedeak identifikatuz nolabait. Eta hau guztia maila teorikoan urrutikoa eta abstraktuegia suertatzen  denez, kasu erreal baten azterketa egin eta gutariko bakoitzak geure burua egoera bertsuetan irudikatuz gai izan gara hemendik aurrera ikaste kooperatiboa oinarritzat duten proiektu errealak aurrera eramateko izan ditzakegun aukerak, mehatxuak, indar-guneak eta ahulguneak identifikatzeko. Hots,  aurrera eraman nahi ditugun proiektu kooperatiboak, irakasle berriek euren ikastetxeetan gauzatu nahi dituzten ikaskide taldeak martxan jartzeko abiapuntuan jarri gara. Eta ez da gutxi ez!

 Hauxe ba,  Ikaskide taldeetako lehengo formazioa saioak eman  duen guztia. Korapilatsu samarra beharbada? Baina Tira, sarea bera lehengo korapiloarekin hasten da. Gurekin korapilatu nahi?

 Ah!Eta sarearen kontuarekin gabiltzanez, gogoratu nahi dizuegu orain Sarean ere bagaudela, alegia, blogaren bidez ez ezik, Twitter bidez ere jarrai gaitzakezula. Egin klik eta Saretu gurekin.