Ikaskide taldearen helburua hezkuntza kooperatiboan heztea dela dio blog honen izenburuak berak. Hala ba, norabide guztietan gauzatu nahi dugu egiteko hori; alegia, eta sarearen metafora behartuaz helburu dugu Ikaskidetza lan eredu bilakatzea, bai geure artean, bai gurekin proiektu honetan parte hartzen diharduten ikastetxe ezberdinen artean, bai ikastetxe horietako bakoitzeko lan taldearen bertan eta nola ez, batez ere irakasle horien ikasle taldeetan. Horregatik diogu ba, sare gisa antolatzen garela, interakzioz beteriko amarauna eraiki gura dugulako. Eta noski, horretarako geure formazioa formatu eta maila ezberdinetan eskaintzen dugu, eremu guztietara iritsi nahi dugulako(gure aholkulari eta ikastetxeen arteko interakziotik, ikastetxe ezberdinen arteko interakziora, hortik ikastetxe bakoitzeko irakasleen arteko interakziora eta bukatzeko ikasleen arteko interakziora). Spiderman edo armiarma gizona bezain besteko poderiorik ez dugu izanen beharbada, baina behintzat ikastetxeei luzatu diegu lehengo sare soka.
Baina sare hori sare izatea bezain besteko garrantzitsua da Sare Tinkoa izatea. Hots, beste sarekada bat eman orduko lehenengo saretze hori sendotzea behar genuen. Horretarako, 2.formazio saio hau IKASKIDE taldeko partaide guztiei zabalduta egon da, oinarrizko formazioa eskaintzeko asmoz. Ikaskidetzarren printzipioak eta ardatzak ulertzea izan du helburu, oinarria finkatzea ba. Horretarako ikastetxe guztietako kide bakoitzak kooperatiboki lan egiteak suposatzen duenaren gainean hausnartu du ariketa dinamiko batekin. Ariketa horren bidez, irakasleak eurak taldean jarri ditugu eta soinua zer den definitzea izan dute egiteko eskaini dizkiegun hainbat material eta baliabiderekin. Alegia, eurak ikasleak jartzen dituzten tesitura berdintsuan jarri ditugu. Esperimentu honen bidez lan kooperatiboaren ezaugarriak identifikatzeko gai izan dira. Ariketa honetatik ondorioztatu dugu IKASKIDETZA taldean eta kooperazioan ematen den ikaskuntza dela.Hala ba Ikasten ikastea konpetentzia eta Elkarrekin ikastea konpetentzia barnebiltzen ditu Ikaskidetzak. Eta bere ardatzak nagusiak honakoak dira: helburu komuna izatea taldeak, elkarmenpekotasun positiboa, bakarkako erantzukizuna eta aurrez aurreko komunikazioa. Horiexek ba, nolabait esateko, IKASKDETZAren oinarrizko printzipio eta ardatzak.
Bete dugu 2.formazio saio honetarako geneukan helburua! Orain prest gaude beste sare soka bat luzatu eta gure formazioa maila ezberdinetara zabaltzeko, sarea(dagoeneko tinkoa) handiagotzeko, amaraunaren beste ilara bat egiteko.