Gure formazio saioak eremu edo maila guztietara heltzea nahi dugula aldarrikatu dugu orain artean sarearen metaforarekin. Gure helburua Ikastetxeetako irakasleak euren kabuz, autonomiaz Ikaskidetza proiektua aurrera eramatea da. Horretarako euren(irakasleen) arteko kooperazioa sustatzea ezinbestekoa da; baina formazio saioetara datozen irakasletara ez ezik, ikastetxe bakoitzeko beste irakasleetara edo irakasle taldeetara ere iritsi nahi dugu. Hala ba, ikastetxeetako irakasle gehitsuenak inplikatzea lortzea nahi genuke batetik, eta bestetik, lortutako parte hartze hori aktiboa, kooperatiboa eta autonomoa izatea, halaxe sortuko direlako ikasleekin abian jarriko diren Ikaskidetza proiektu aberatsenak . Hala ba, helburu horiek beteko dituzten formazio ereduak jarri ditugu abian. Ikastetxeetan barne funtzionamendua eragitea lortuko duten formazio ereduak. Horretarako, ikastetxe guztietako irakasleekin izango ditugun oinarrizko formazio saioez gain ikastetxe bakoitzeko DINAMIZATZAILEEKIN antolatu ditugu mintegiak. Hauek euren ikastetxeetan Ikaskide proiektuak dinamizatuko dituzte, horrela pixkanaka ikastetxeak proiektu kooperatibo hauek autonomoki abian jartzeko gaitu arte.
Dinamizatzaileekin izandako lehengo saio honetan euren funtzioa zein izango den ondo argitu ostean, Ikaskide proiektuaren ezinbestekoa den gaiari heldu diogu: KONPETENTZIAK. Konpetentziak Ikaskide proiektuaren ardatz garrantzitsutzat ditugunez Dinamizatzaileen lana izango da ostean, euren ikastetxeetan konpetentzien funtsa ulertarazi, eztabaidatu,hausnartu eta planifikatzea eragitea euren proiektuetan.
Konpetentzien gaiarekiko ikasi dugu mintegi honetan sei direla konpetentzia orokorrak(dekretuko III. eranskinean jasoak):
HEZKUNTZA GAITASUN OROKORRAK:
1.- Arduraz eta autonomiaz bizitzen ikastea, eta, zehazki, nork bere burua ezagutzen ikastea, norberaren buru-osasuna eta osasun fisikoa zaintzen ikastea eta ohitura osasuntsuak hartzea. Izadiaz eta natura-baliabideez arduraz gozatzen ikastea, gizadi osoaren eta egungo nahiz geroko belaunaldien ondarea diren aldetik.
2.- Ikasten eta pentsatzen ikastea, eta informazioa interpretatzea, sortzea eta ebaluatzea. Erabakiak hartzen eta arazoak konpontzen ikastea, ikasteko eta lan egiteko ohiturak eta ikasteko estrategiak eskuratzea, eta jakintza zientifikoko eta matematikoko metodoak aplikatzen ikastea, jakintza teorikoaren eta praktikoaren alorrek planteatzen dituzten arazoak identifikatzeko eta konpontzeko.
3.- Hizkuntza ofizialetan, eta, gutxienez, atzerriko hizkuntza batean hitz egiten ikastea, eta, berariaz, komunikabideak eta informazioko eta komunikazioko teknologiak irizpide kritikoz erabiltzen eta interpretatzen ikastea. Irizpide hori bera jarraitu behar dute ikasleek hizkuntza artistikoarekin, musika-adierazpenarekin eta gorputzaren, plastikaren eta ikusizko alorraren adierazpenekin.
4.- Elkarrekin bizitzen ikastea, eta, berariaz, harreman positiboak izaten eta, gatazka-egoeretan, elkarrizketara eta negoziaziora jotzen ikastea. Halaber, gogoz eta demokratikoki parte hartzen ikastea, lankidetzan jarduten eta taldean lan egiten ikastea, eta aniztasuna errespetatzen ikastea.
5.- Pertsona gisa garatzen ikastea, norbera izanda, eta emozio negatiboak kontrolatzea eta nork bere burua modu positiboan eta errealistan balioestea. Pertsona autonomoa izatea, norberak hartutako erabakien ardura hartzea, eta printzipio etikoei jarraitzea.
6.- Egiten eta ekiten ikastea, erabakiak eta ardurak hartzeko ekimena izatea, esfortzua eta zailtasunak gainditzeko ahalegina balioestea, eta ekintzailea izatea, bizitzaren alor guztietan.
Horiek izango dira IKASKIDE proiektuak zedarrituko dituzten konpetentziak. Alegia, gure Ikaskide proiektuak konpetentzia horien lanketarako gune izan behar dira(ez derrigorrez guztiak batera, noski) gaitasun horitan hezi nahi ditugulako gure ikasleak etorkizuneko hiritar eredugarri izatea nahi badugu(horiexek dira hezkuntzako oinarrizko konpetentziak). Eta aldi berean gure proiektuei forma emateko pista ere izango dira konpetentzia hauek. Azken batean gure Ikaskide proiektuak aurrera eramateko diseinatuko ditugun sekuentzietan hauexek har ditzakegulako ardatz muina diseinatzerako orduan.
Konturatzen bazarete, konpetentzia orokor hauetan IKASKIDETZAren ardatz diren bi konpetentzia ere ageri zaizkigu: Ikasten ikastea(zerrendatutako 2.konptentzia) eta Elkarrekin ikastea(zerrendatutako 4.konpetentzia). Horiek biak ba beste konpetentzia guztiak barnebilduko dituzten konpetentziatzat hartzen ditugu Ikaskidetza proiektuan. Ikusten duzuenez ez dago ba Ikaskidetza proiektua konpetentzia gabe ulertzerik eta ezta alderantziz ere!