Hasi dugu ikasturte berria eta horrekin batera Ikaskide Taldean aro berriari ekin diogu. Ikaskide taldearen helburu orokorrena bera, edozein ikastetxeren funtsa beharko lukeena izan, gizarte hobe baten alde egitea da. Eta horretarako bidea, nola ez, kooperazioa bera dela sinesten dugu. Hots, kooperazioaren ideia SARE bat bailitzan irudikatzen dugu, kooperatzeak ez baitu esan nahi batzea soilik, baizik eta batu eta batura horretan elkar eragitea, elkarrekin haztea eta gero eta sare handiago egitea benetan gizarte aldaketa hori posible bilakatu dadin. Hots, Ikaskide taldearen asmoa horixe izanik, lehendik gurekin jardun duten ikastetxeetako kideek ez ezik ikastetxe berrietako kideek geurekin ibilbidea egitea nahi genuke, pixkanaka Ikaskide proiektua osatzen dugun artean sarea gero eta handiago, eta beraz, eraginkorrago egin asmoz.
Hala ba, Ikastetxe berrietako kide berrientzako eta lehendik ezagunak zaizkigun ikastetxeetako kide berrirentzako kurtso hasierarekin batera lehengo formazio saioa eskaini dugu Ikaskide Taldea osatzen dugun aholkulariok. Bertan batez ere sarearen ideia hori landu dugu, hasiera honetan ikastetxeetako kideak euren artean ezagutu eta proiektuko partaide guztiak sarearen parte sentitzea izan dugu helburu, euren eta proiektuko kide guztien eskuetan aldaketarako aukera senti dezaten ulertzea nahi izan dugu, kolaborazio sentsazioa bizi dezaten, eta nola ez, hortik euren helburu eta ilusioetarako proiektu komunak eraikitzeko bidea ikus dezaten.
Komeni zaigu zehaztea atal honetan, gurekin kolaborazioan diharduten ikastetxeak aurten hiru fasetan kokatzen direla: Talde Berriak daude, Hedapen Fasean dauden taldeak daude eta Jarraipen Fasean dauden taldeak daude. Hiru talde horiei formazioa pertsonalizatuagoa eman asmoz, aurton eskainiko zaien laguntza mota ezberdinetakoa izango da:
1- Oinarrizko formazioa eskainiko zaie Ikaskide proiektuko parte diren ikastetxe guztiei.
2- Ikastetxe bakoitzak dituen beharrei erantzuteko asmoz ikastetxeetan bertan eskainiko da zuzeneko aholkularitza.
3- Bi mintegi mota egingo dira:
– Bata Dinamizatzaileentzat. Izan ere, aurten, ikastetxearen autonomia bera ere sustatzeko asmoz, ikastetxe bakoitzak ikastetxeko kide den dinamizatzaile baten figura izendatuko du eta bere arduratu izango da prozesu guztian zehar ikastetxeko partaideak bideratzea proiektuak ahalik eta arrakastatsuenak suertatzeko. Horrela ba, Dinamizatzaileek beraientzako mintegi espezifikoak izango dituzte laguntza gisa gero ikastetxean bertan proiektuan nola dinamizatu ikas dezaten aholkulariekin.
– Bestea, Proiektuan parte hartuko duten irakasleentzat.
4- Jardunaldiak: Ikastetxeetako Ikaskidetza esperientziak kanpora begira zabaltzeko.
5- Bloga: Prozesuaren jarraipena egin eta esperientziak elkartrukatzeko tresna.
Hau izango da ba hemendik aurrera gure antolatzeko era eta hauxe lehengo formazio saio honetan Ikaskide Proiektuan parte hartuko duten irakasle berriei azaldu zaiena besteak beste. Behin irakasle talde berriari ongi etorria emanda, Ikaskide Proiektuaren aurkezpena eginda eta sarearen ideia azpimarratuta, Ikaskide Proiektuaren funtsa bera ulertzeko bideari ekin diogu izaera ludikoa duten dinamika ezberdinen bidez: “Elkarlana” zer den definitzen saiatu gara hastekoeta hortik Ikaskide Proiektuaren beraren ardatzak identifikatzera heldu gara. Alegia, “Elkarrekin ikasteak” edota “Ikaskide taldeek” zer suposatzen duten hausnartu dugu. Horrela ikaskuntza kooperatiboa sustatu nahi dugun talde gisa hemendik aurrerako gure xedeak identifikatuz nolabait. Eta hau guztia maila teorikoan urrutikoa eta abstraktuegia suertatzen denez, kasu erreal baten azterketa egin eta gutariko bakoitzak geure burua egoera bertsuetan irudikatuz gai izan gara hemendik aurrera ikaste kooperatiboa oinarritzat duten proiektu errealak aurrera eramateko izan ditzakegun aukerak, mehatxuak, indar-guneak eta ahulguneak identifikatzeko. Hots, aurrera eraman nahi ditugun proiektu kooperatiboak, irakasle berriek euren ikastetxeetan gauzatu nahi dituzten ikaskide taldeak martxan jartzeko abiapuntuan jarri gara. Eta ez da gutxi ez!
Hauxe ba, Ikaskide taldeetako lehengo formazioa saioak eman duen guztia. Korapilatsu samarra beharbada? Baina Tira, sarea bera lehengo korapiloarekin hasten da. Gurekin korapilatu nahi?
Ah!Eta sarearen kontuarekin gabiltzanez, gogoratu nahi dizuegu orain Sarean ere bagaudela, alegia, blogaren bidez ez ezik, Twitter bidez ere jarrai gaitzakezula. Egin klik eta Saretu gurekin.