2010/11 ikasturtea bukatu da eta, denok ondo merezita ditugun opor goxoak tarteko, laster hasiko zaigu ikasturte berria.
Laburbilketa garaia iritsi zaigu. Ebaluazio eta hausnarketa garaia. Hurrengo ikasturtean zer hobetu eta zer mantendu gogoetatzeko garaia.
Ikastetxeetan parte hartu duten kideei euren proiektuen gaineko hausnarketa eta ebaluzio moduko bat egitea eskatu diegu eta baita gehienek egin ere. Ez zen ariketa erraza, denbora eta dedikazioa eskatzen baitzuen, baina jasotako emaitzek zer pentsatu asko eman digute, onerako eta ez hain onerako.
Badakigu zeintzuk diren ikastetxeetako kideen kezkak, zeintzuk pozak eta zeintzuk zalantzak. Horiek guztiak erabiliko ditugu datorren ikasturtean guziton artean gure jarduera hobe dezagun.
Den-denak jaso ditugu Ikaskide Proiektuaren Ebaluazio Txostenean. Txosten mardula da, partaideek hausnarketa eta ondorio ugari eskaini baitute.
Lan hori denon artean partitu nahi izan dugu eta horregatik ekarri dugu hona.
Esan bezala, txostena luzetxoa da, ez astuna, ordea; dena den, badaezpada ere, txosten osoarekin batera laburpen motz bat ere ekarri dugu, haren ondorio nagusiak laburbiltzen dituena.
Klikatu itzazu beheko estekak eta biak aurkituko dituzu: txosten osoa eta haren laburpena.